XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BOLIVAR ETA INDEPENDENTZIA

Gizarteko iraultza bakoitzak baditu berezko eraginak, bideak eta helburuak.

Espainiak Ameriketan zituen kolonietakoak ere bai bereak.

Hemen ez zen herri xehea altxa; aitzitik, altxa zirenak burgesiako gazteak izan ziren; gazteak, hori bai!; eta lehenengo pausoetan, herrian aurkitzen zituzten oztopoek kezkatu zituzten gehien; herri xeheak ezin bait zuen uler bertako señorito haiek herri arruntarentzat gauza hoberik erakartzeko gauza izango zirenik; eta, gainera, urrutiko nagusikeriak bazuen zeruaren babesik, Eliza eta Erregea batera baitzebiltzan eta elizgizonen oharrak entzuten hasia zen herri soila iraultzaileen aurka.

Gauzak ez ziren, beraz, hain sinpleak.

Eta zer zuten burgesek Erregearen aurka?.

Askatasunaren argia falta zitzaien gazte horiei; Europatik etorri eta Erregeari serbitzen belaunaldietan hor jaiotako, bertako, zirenek, herriaren ardurak eta lanak bereak zituzten, baina aginte politikoa, Erregeak gordetzen zuen zuhur eta zitalki.

Zentralismo espainolak badu tradiziorik, eta txarra!.

Bestalde, ikasiak ziren gazte horiek Ipar Ameriketako iraultza zuten exenplu gisa, eta Frantziako Iraultzaren eragina; lehenengoak pentsarazi zien herriaren askatasuna lortzea posible zela, bigarrenak, askatasun eta justiziaren egarria biztu zien.

Gainera, inoiz saiatze ezkerotan, orain zen garaia, Espainiako monarkia Napoleonen aurrean makurtuta zegoela.